2022-2023 ikasturtean, 7.814 ikasle daude matrikulatuta B eta D ereduetan. Iaz 7.344 ziren. Goranzko joera horrek erakusten du eraginkorra izaten ari dela euskal Lanbide Heziketak hezkuntza euskalduntzeko egiten duen esfortzua.
Azken urteotan B eta D ereduetako eskaintza zabaldu egin da LHn, eta horregatik, handitu egin da EAEn lanbide-heziketako zikloetan euskaraz matrikulatzen den ikasleen kopurua. Are gehiago, lurralde osoko LHko ikasleen % 50 izatera iritsi da, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren Plangintza eta Antolaketako zuzendari Nicolás Sagarzazuk urriaren 18an egin zen Hizkelan jardunaldian esandakoari jarraikiz.
Bizkaian, joera gorakorra izan da 2016-2017 ikasturtetik, albiste honi atxikitako grafikoan ikus daitekeen bezala. Gaur egun, duela sei urte zegoen kopuruaren bikoitza baino handiagoa da zikloak euskaraz egiten dituzten ikasleen kopurua. Zehazki, 3.490 ikasle zeuden lehen eta indarreko ikasturtean, aldiz, 7.814. Bada, handitu egin da matrikula kopurua B eta D ereduetan, baina bereziki azpimarratzekoa da B ereduan egon den hazkundea: 2017tik, 2.000 ikasle baino gehiago matrikulatu dira eredu horretan. Euskara hutsean ikasten diren zikloetan, ostera, hazkundea 875 pertsonakoa izan da. Gauzak horrela, 2022-2023 ikasturtean 4.706 eta 3.108 ikasle daude, hurrenez hurren, B eta D ereduetan.