Pajares, 34 48980 SANTURTZI · Bizkaia Telf.: 94 493 84 00

                       
  
  1. Hasiera
  2. Hemeroteka
  3. Elkarrizketa
  4. Euskal Lanbide Heziketa eta berrikuntza. Rikar Lamadrid

Euskal Lanbide Heziketa eta berrikuntza. Rikar Lamadrid

Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaria

Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak irauli egin du Euskadiko Lanbide Heziketa eredua. Arreta berezia ematen zaien arloetako bat berrikuntza da, bai ikastetxeen mailan eta baita ekoizpen sareari lotutako teknologia eta berrikuntzaren garapenean ere.

Rikar Lamadridek, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, azaldu egin digu zein ekimen ari diren aurrera eramaten Lanbide Heziketaren esparruan berrikuntza eta teknologia berrien ezarpena indartzeko. Era berean, Lamadridek azaldu dizkigu Lanbide Heziketako ikastetxe ezberdinetatik garatzen ari diren berrikuntza aplikatuko teknologia proiektuak, enpresen (batez ere ETEen) beharrei erantzuna emateko, lehiakortasun erronka berriei aurre egin ahal izan dezaten.

Rikar-boletinIkastetxe integratuak: Zer ezaugarri dauzkate? LHII guztiak benetan zentro integratuak dira edo bidea dago oraindik egiteko? Ba al dago lurraldeka bereizten dituen ezaugarririk?

Euskal Herriko Lanbide Heziketak aspaldi antzeman zuen, euskal gizartetik zetozen eskaerei erantzun egokia emateko erronka izango zuela. Orduan lanean eta estrategiak definitzen eta planifikatzen hasi zen. Estrategia hau hainbat planetan islatu da. Gaur egun, Lanbide Heziketako IV. Plana dago indarrean eta V. Plana 2018an aurkeztuko da. Plan hauek aurrera eramateko tresna egokiak behar dira eta horretarako ditugu Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak eta integratuak ez direnak, bakoitza bere ezaugarriekin baina biak oso garrantzitsuak.

Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak dekretu batez daude erregulatuak eta bertan definitzen da zehatzago dituen ezaugarriak eta zeintzuk diren bere betekizunak eta eman beharreko zerbitzuak. Ikastetxe Integratu batzuek zerbitzuen %100 ematen dituzte eta beste batzuek gutxiago. Laburbilduz, esan genezake ikastetxe integratu batek gaur egungo gizarteak eta enpresa sareak dituen eskaerei hobeto eta arinago erantzuteko gaitasuna eta erantzukizuna  duela. Horretarako, bere kudeaketan autonomia handiagoa dauka, baita antolaketan eta ekonomian ere, beste erakundeekin, publiko zein pribaturekin hitzarmenak egiteko orduan…

Dekretu horrek, Ikastetxe Integratu bat izateko bete beharreko baldintzak ere zehazten ditu eta 3 lurraldeetan, hau da, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, gero eta ikastetxe gehiago Ikastetxe Integratu bilakatzeko baldintzak bete eta pausua ematen ari dira.

Ethazi metodologia: Zein ari da izaten metodologiaren ezarpen maila? Nabarmentzen al da ziklo edo heziketa familiaren bat, bertan metodologia mota hau gehiago garatzen delako? Ba al dago ezarpen mailan ezberdintasunik lurraldearen arabera? Zer behar dute ikastetxeek metodologia mota hau ezartzeko (irakasleria, ikasgelak, heziketa ziklo zehatzak,...)?

Euskal Herriko Lanbide Heziketa eraldaketa baten sartuta dago eta Erronkatan Oinarritutako Metodologia kolaboratiboak dira eraldaketa horren oinarrietako bat. Metodologia horiei gure kasuan ETHAZI(Etekin Handiko Zikloak) deitzen diegu. Metodologia berri guztiek bezala, hauek ikastetxeetan aldaketa izugarria suposatzen dute eta arrakasta izateko, tentuz egin beharreko prozesua da, ondo barneratzea nahi bada behintzat. Gaur egun oso aurreratuta dauden ikastetxeak badaude.
E.A.E.-ko datu orokorrak oso positiboak dira: ia 300 ziklotan metodologia hauekin lanean dabiltza. 1650 irakasle prestatuta eta martxan daude eta ia 6000 ikaslek metodologia honekin lan egiten dute.
Historiara apur bat begiratuz, 2005-2006 ikasturtean, ikastetxe batzuk hasi ziren metodologia hauek aztertzen eta beraiek zituzten zikloetan apurka-apurka ezartzen. Ziklo horiek industrialak ziren gehien bat eta hori dela eta gaur egun ziklo industrialetan dago garatuago. Hala ere, guztiz desberdinak diren ziklo eta familia profesionalak eskaintzen dituzten ikastetxeak daude metodologia hauekin dagoeneko eta aitortzekoa da ikastetxe guztiak egiten ari diren lana.

Gaur egungo enpresek, eta gizarteak oro har, zeharkako gaitasunetan oso trebatuta dauden profesional kualifikatuak behar dituzte eta hori da metodologia berritzaile hauen bitartez Lanbide Heziketak bilatu eta lortu nahi duena.

Horrelako erronka bat aurrera eramateko ezinbestekoa da konpromisoa, motibazioa, talde lana, ekimena, resilientzia, pertenentzia sentimendua, erantzukizuna, ezagutza, prestakuntza… eta gure irakasleek ezaugarri horiek dituzte, beraiek dira benetako protagonista.
Hau guztia ikastetxean barneratuta izan ondoren dator ekipamenduen egokitzapena, gelak, gailu digitalak, konektibitatea… ikastetxe bakoitzaren testuingurura doitua.

Komunitate Praktikoak (Cop): Nola ari da garatzen zentroen sareko elkarlana? Zein arlotan ematen dira elkarlan hauek?

Gaur egun gizarte honetan, elkarlanean jarduteak sortzen ditu etekin handienak eta Lanbide Heziketak eredu hori aintzat hartu du aspaldi. Gaur egun harago joan gara oraindik eta ikastetxe eta erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana ere gauzatu da, edozein arlotan gainera: ikastetxe, udal, mankomunitate, foru aldundi, enpresa, …

Zein tresna dauzkate irakasleek erronka guzti hauei aurre egiteko?

Erronka itzela da gaur egun Lanbide Heziketak duena, aldaketa asko ditugu eta aldaketak oso azkar gertatzen dira. 4. Iraultza Industrial honen ezaugarri esanguratsuena hori da, abiadura.

Ezegonkortasun eta ziurgabetasun testuinguru horretan lan egitera ohitu behar dugu eta ohitu behar ditugu gure ikasleak, horrelakoa izango baita datorkigun etorkizuna. Guzti honi aurre egiteko Lanbide Heziketako Sailburuordetzatik hainbat lerro abian jartzen ditugu ikastetxeak eta irakasleak laguntzeko. Adibide moduan, TKNIKA dago berrikuntza proiektuak ikastetxeetan garatzeko; IDEATK daukagu sormena lantzeko; RRII eta IC dugu berrikuntza eta adimen lehiakorra kudeatzeko; KEI-IVAC daukagu sortzen diren perfil desberdinen kualifikazioak sortzeko; Etengabeko Hobekuntza; Jasangarritasun arloa; Nazioartekotzea… Urrats Bat… Ikasenpresa… eta arlo hauetatik guztietatik irakasleentzako prestakuntzak ematen dira.Bestalde, ikastetxeetako zuzendaritza taldeentzako prestakuntza bereziak ditugu, baita zuzendaritza taldeentzako ere eta nola ez irakasleentzako, enpresatan egonaldiak adibidez.

Ikastetxe Integratuen kurtso hasierako ebazpena ere eraldatu egin zen ikastetxe integratu baten ezaugarriak eta eman behar dituen zerbitzu guztiak kontutan hartuz.

Enpresarekin eta ehun produktiboarekin kontaktua da Lanbide Heziketako eredu berriaren beste lehentasunezko ardatzetako bat: ikastetxeen ekintza esparruak dira enpresari berrikuntza eta teknologiaren transferentzia, elkarlaneko prozesuak eta ekintzailetza bultzatzea.

Enpresari transferentzia: Nola osatzen dira enpresei berrikuntzen transferentziak egiteko prozesuak?, Ziklo edo heziketa familien zein profil dira proiektu mota hauetan gehien parte hartzen dutenak? Ba al dago ezberdintasunik proiektu hauetako parte hartzean lurraldearen arabera? 

Enpresa sarearekin kontaktu zuzena dauka Lanbide Heziketak eta kontaktu horrek eguneratuta egotea dakar. Lanbide Heziketako ikastetxeek enpresekin duten harreman estua aspalditik dator eta hor sortzen den konfiantzazko zubi horrek elkarlanak gauzatzea errazten du. Lanbide Heziketako ikastetxeek enpresen eskaerei erantzun azkarra, egokia eta arrakastatsua ematen dien heinean, harremana eta ondorioz elkarlana areagotu eta aberastu egiten da.

Elkarlan horren ondorioz, berrikuntza proiektuak, laguntzak, aholkularitza lanak, formakuntzak, zerbitzuak… sortzen dira eta prozesu hauen bitartez egiten dio ikastetxe batek berrikuntzen transferentzia enpresari.

Gaur egun, elkarlan eta berrikuntza proiektu gehienak fabrikazio mekanikoan, automatizazioan, automozioan eta energia arloan gertatzen dira baina beste arlo batzuk indartsu datoz, osasuna, gizartea, eraikuntza, gastronomia eta zerbitzuak, esate baterako.

Berrikuntza proiektuen kopurua lurraldearen baitan baino, ikastetxearen baitan dago eta beronek bere inguru hurbilarekin duen harremanaren baitan.

Ekintzailetza: Urrats bat programaz eta IkasEnpresa tresna metodologikoaz gain, ari al dira sustatzen beste ekimen batzuk (“Gazte ekintzailetza” programa laneko bizitzara igarotzeko diru laguntzen barruan)?

Gure helburua gaur egun dauden enpresei erantzun egokia emateaz gain, gure enpresak sortzea ere bada, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza sustatzea alegia. Horretarako, lehen aipatu bezala, URRATS Bat eta IKASENPRESA programak ditugu Lanbide Heziketan.

Horrez gain, beste gizarte eragile batzuek egiten dituzten deialdietan ere parte hartzen dugu eta ez bakarrik ekintzailetza sustatu eta bultzatzeko, baita berrikuntza proiektuak garatzeko ere. Gure Lanbide Heziketako ikastetxeak oso adi daude deialdi guztietara eta beraien neurrikoa den bat dagoenean, berehala heltzen diote.

Gauza asko egiten ditugu bai, eta gure irakasleek daukate meriturik handiena, hauek dira benetako protagonistak. Europako Batzordean ere aitortua izan da gure Lanbide Heziketa eredua eta aintzat hartu gaituzte Europako lerro estrategikoak markatzeko.

Baina oraindik zeregin handia dugu aurretik, euskal gizarteak behar gaituen heinean hor jarraituko dugu beti bezala, unean uneko eskaerei erantzun egokia emanez, baina aldi berean, etorkizunerako prest dauden pertsonak eraikiz.

CENTROS FP IKASLAN BIZKAIA

1-zornotza
2-barrutialde
Logo-construccion-arrigorriaga-prefooter
4-nicolas-larburu
Logo-bidebieta-basauri-prefooter
6-elorrieta
Listado-prefooter-campuzano
8-eskurtze
9-txurdinaga
Nautica-bermeo
11-derio
12-tartanga
Actualizacion-logo-ostalaritza-prefooter-039-17
Fpandramari-prefooter
Logo-fadura-2018-prefooter
Iurreta-logo126
17-hosteleria-leioa
19-mungia
Logo-angelafiguera-sestao5
21-repelega
22-san-jorge
23-saturnino
Kirolene-prefooter
25-lekeitio
Listado-ies-juan-antonio-zunzunegui-bhi
Listado-ies-barandiaran-bhi
Listado-ondarroa-bhi
Ikaslan Bizkaiak cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu, webguneak ondo funtzionatu dezan, erabiltzaileak webguneko edukiak behar
bezala ikusi ditzan eta estatistikak biltzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartzen duzula joko dugu.
Nolanahi ere, cookie-en konfigurazioa edonoiz alda dezakezu. Informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen.

[Onartu]