Ikaslan Bizkaiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako kirolarien prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetzeko.
Gaur goizean, Ikaslan Bizkaiako presidente Jósé Manuel González jaunak eta Basque Team-eko koordinatzaile Olatz Legarza andreak esparru-hitzarmen bat sinatu dute. Akordio horren bitartez, erakunde biek hartu dute goi-mailako kirolarien prestakuntza eta lan-munduratzea hobetzearen alde lan egiteko konpromisoa.
Esparru-hitzarmena Basque Team-en Getxoko egoitzan sinatu da, eta bertan egon dira Tokio 2020ko Olinpiar Joko Paralinpikoetan jokatzeko sailkatu den Agurtzane Egiluz saskibaloi-jokalaria eta kirol egokituaren proiektuan sartuta dauden Irati Idiakez eta Xabier Osa snowboarder-ak.
Hitzarmen hori Ikaslan Bizkaiak bere ingurunearen ekonomia- eta gizarte-garapenaren alde egindako apustuaren beste adibide bat da. Oraingo honetan, babestu eta zabaldu egin ditu kirolari lotutako balioak, eta erraztu egin nahi du Euskadin goi-mailako kirolaren aldeko apustua egin dutenen lan-mundurako trantsizioa. Izan ere, trantsizio horretarako ezinbestekoak dira prestakuntza eta lan-orientazioa. Ikaslan Bizkaiak bi ate horiek ireki nahi dizkie kirolariei, eta horretarako, Lanbide Heziketak ematen dituen aukerak eskaini eta LH publikoko Lan Bitartekaritza Zerbitzua, IkasEnplegu, erabiltzera animatu nahi ditu.
Basque Team-i dagokionez, hitzarmena erakundearen “Baloreetan BAT” izeneko proiektuaren eta “Laneratzea” prozesuaren esparruan kokatuta dago. Proiektu horren bitartez, fundazioak kirolarien beharrizan pertsonal eta profesionalak asebetetzeko asmoa du, hartara, beren goi-mailako kirolari-etapa bukatu eta gero, prestakuntzan eta laneratzean lagunduz.
Alderdi bien arteko lankidetza honako jarduketa-eremu hauen bitartez gauzatuko da:
- Lanbide Heziketaren eta orientazio-zerbitzuaren promozioa.
- Goi-mailako kirolarien enplegu kolektiboaren promozioa. IkasEnpleguren erabilera sustatzeaz gain, alderdi biek emango dizkiete kirolariei beren entrenamenduekin eta txapelketa ofizialekin bateragarriak diren enplegu-baldintzak.
- Prestakuntza-jarduerak. Kirolarientzako eta prestakuntza jaso dezaketela uste duten erakundearen lankidetza-sareko pertsonentzako prestakuntza-aukerak zehaztuko dira.
- Emakumeen ikusgaitasuna. Emakumeen kirola ikusgai jartzearen alde egingo da lan, horretarako jardunaldiak eta ekitaldiak antolatuz eta beste zabalkunde- eta/edo lankidetza-neurri batzuk abiaraziz.
- Kirolaren balioetan oinarritutako proiektu berritzaileak egitea. Kirolaren balioetan eta balio horiek hezkuntza-mundura transmititzean oinarritutako nazioko eta nazioarteko proiektu berritzaileak egiteko aukera aztertuko da, LHko Sistema Publikoaren berrikuntza-gaitasunaren arabera.
Lankidetza-hitzarmena bi urtez egongo da indarrean, eta urtero berritu ahalko da.