Iaz, Ikaslan Bizkaiak Lanbide Heziketan espezializatutako lehen lan-poltsa jarri zuen abian. Zerbitzu horrek jaso egiten ditu, batetik, profil teknikoen bila dabiltzan enpresak eta, bestetik, LHko zikloetako ikasleen curriculumak.
Ikasenplegu Lanbide Heziketako ikasleen lan-mundurako trantsizioa errazteko eta aktibo dauden langileen ibilbide profesionala egonkortzeko sortutako espazioa da. Xede horiek erdiesteko, ezinbestekoa da, enplegu-eskaintza eta -eskariak kudeatzeaz gain, profesionalak ahalduntzea, lan-bilaketa aktiboak egin ditzaten. Hartara, Ikasenpleguk bi oinarrizko helburutara bideratzen ditu bere esfortzuak: batetik, lan-poltsari lotuta dagoen tresna teknologiko bat eskaintzen du, zeinaren bitartez erabiltzaile bakoitzak profil profesional bat sortu eta bere gaitasun teknikoen eta zeharkako gaitasunen arabera kudea dezakeen. Hau da, erabiltzailearen garapen pertsonalaren eta laboralaren arabera egunera daitekeen profila du erabiltzaileak. Gainera, aplikazioa doakoa da, eta lan-poltsan aktibo dauden lan-eskaintzetara aurkezteko aukera ematen du.
Bestalde, Ikasenpleguk orientazio- eta aholkularitza-zerbitzu espezializatua ere eskaintzen ditu. Hala, profil profesional zehatzak definitzeko beharrezkoak diren prestakuntza-ibilbideak eta enplegagarritasunik handiena duten lan-esparruak identifikatzen laguntzen du. Horrez gain, aholkularitza ematen die erakunde nahiz banakoei esparru akademikoa eta esparru produktiboa uztartzea ahalbidetzen duten bide ezberdinei buruz: ikas-ekinezko erregimeneko lanbide heziketa duala, Lehen Aukera programa eta LHko Moduluen Katalogoa, hain zuzen.
Urtebete igaro da Ikasenplegu –LHko lan-poltsa– martxan jarri zenetik, eta 766 erabiltzailek baino gehiagok eman dute izena. Erabiltzaileen % 46 langabezian dago, % 35 lanean eta % 19 ikasten. Hori gutxi balitz bezala, urtebete honetan zehar 355 lanposturi lotutako 200 enplegu-eskaintza sartu dira sisteman. Datu horiek agerian uzten dute Ikasenpleguren potentziala, baina, hala ere, kopuruak handitzen jarraitzea espero dugu, modu horretan gero eta profesional eta lanpostu gehiago uztartzen jarraitzeko.