Ikaslan Bizkaiak Garapen Iraunkorrerako Helburuekin (GIH) (ODS) duen konpromisoa kalitatezko hezkuntza, genero-berdintasuna, lan duina eta hazkunde ekonomikoa, desparekotasunen murrizketa, produkzioa, kontsumo arduratsua eta GIHak lortzeko ekarpenak egingo dituzten aliantzak sortzea sustatzen duten ekintzen bitartez gauzatzen da.
2015ean, 193 herrialdek hartu zuten 2030erako Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako hamazazpi helburuak betetzeko konpromisoa. Helburu horiek funtsezko hiru oinarri dituzte: pertsonen arteko berdintasuna, planeta babestea eta oparotasuna bermatzea. Gizarte-kontratu global eta integratzailea da, pertsona guztiak barne hartzen dituena, aintzat hartu gabe beren jaioterria, arraza, ideologia, sexua… gizaki guztiek eduki behar dute aukera garatu eta bizitza bete bat izateko. Garapenak ezin du inor atzean utzi, ezta planeta bera ere.
Xede hori lortzeko ezinbestekoa da globalki jardutea, eta, ildo beretik, behar-beharrezkoa da estatu eta administrazioek esku hartzea. Izan ere, haien borondate eta ekintzak egon behar dira garapen ekonomiko eta sozial iraunkor eta integratzailearen oinarrian. Hala ere, banakoen konpromisoa ere nahitaezkoa da. Helburu horietan sinesten badugu, denok jarri behar dugu gure aletxoa. Zentzu horretan, banako edo erakunde gisa gauzatzen ditugun ekintzak helburu horiek lortzera egon behar dute bideratuta.
Erantzukizun hori bere eginez, Ikaslan Bizkaiak 2030erako Garapen Iraunkorrerako Helburuen esparruko egitasmoetan parte hartzen du, baita horiek sustatu ere.
Kalitatezko hezkuntza (4. helburua). Euskal LHko ikastetxeen jardunaren muina da. Administrazioak bermatu egiten du kalitatezko hezkuntza, eta gure ikastetxeetako langileek egunero egiten dute lan horretan laguntzeko. Euskal Lanbide Heziketa publikoak eskainitako hezkuntza doakoa, ekitatiboa eta baliozkoa da. Bermatu egiten du edozeinek izan dezakeela goi-mailako kalitatezko prestakuntza teknikoa eta profesionala. Eusko Jaurlaritzak abiarazitako txandakako lanbide-heziketa eredu dualak, Ethazi etekin handiko zikloek, ekintzailetza-programek eta espezializazio-programek agerian uzten dute Lanbide Heziketaren aldeko punta-puntako eta kalitatezko apustua egin dela. Gainera, bestelako ekimenek, esaterako, ikasleen eta irakasleen nazioartekotzeak, ikasleen enplegagarritasuna hobetzeak, la capacitación del profesorado, irakasleen gaikuntzak eta Ikaslan Bizkaiak dinamizatutako eta kudeatutako mugaz haraindiko proiektuek ikaskuntza-helburu egoki eta eraginkorrak lortzen laguntzen dute.
Genero-berdintasuna (5. helburua). LH publikoak bermatu egiten du emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna, ez baita inolako segregaziorik onartu behar. Gainera, hainbat sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina sustatzen dira. Ikastetxeek eta Ikaslan Bizkaiak, erakunde gisa, sustatu egiten dituzte ikasleak berdintasunaz eta berdintasun eraginkorra ez duten espazioez hausnarketa egitera bideratutako proiektuak. Horrez gain, emakumeak izaera tekniko eta industrialeko prestakuntza-zikloetan matrikulatzera bultzatzeko ekimenak ere gauzatzen dira; izan ere, garatze bidean daude lanpostu horiek eta profesional-eskari handia eta lan-baldintza onak dituzte. Besteak beste, #EmakumeakEre kanpaina eta Berdintasun Plana dira Ikaslan Bizkaiak gai honetan duen proaktibitatearen adibide.
Lan duina eta hazkunde ekonomikoa (8. helburua). Lanbide Heziketa konprometituta dago bere inguruko enpresekin; izan ere, enpresa-ehun lehiakor batek kalitatezko lanpostuak eta hazkunde ekonomiko eta soziala sortzen ditu. Horregatik, etengabe gaude kontaktuan produkzio-ingurunearekin, haien beharrizanak eta gure ekarpenekin hobe daitezkeen alderdiak identifikatzeko. Etengabeko komunikazio horri esker, enpresek dituzten prestakuntza-, kontratazio-, berrikuntza- eta teknologien garapen-beharrizanak artatzera bideratutako zerbitzuak ematen ditugu.
Desparekotasunak murriztea (10. helburua). Pertsona guztientzako kalitatezko eta doako hezkuntza ematea da desparekotasuna ez iraunarazteko abagune onena, betiere haien gaitasun ekonomikoari, jatorriari, baldintza fisiko eta psikologikoei, sexuari edo arrazari erreparatu gabe. Ildo beretik, Lantegi Batuak eta Fundación Adeccoarekin sinatutako hitzarmenak kolektiborik ahulenak lan-merkatuan baldintza berdinekin integratzearen aldeko saiakerak dira.
Produkzio eta kontsumo arduratsua (12. helburua). Lanbide Heziketako ikastetxe publikoek eta Ikaslan Bizkaiak kudeaketa iraunkorra, baliabide naturalen erabilera eraginkorra eta sortutako hondakinak eta xahututako produktuak murriztea helburu dituen kudeaketaren alde egiten du lan. Besteak beste, IES Escuela Agraria Derio-Derio Nekazaritza Eskola BHI, CIFP Hostelería-Ostalaritza LHII, IES Barrutialde BHI eta CIFP Escuela de Hostelería de Leioa LHII Lanbide Heziketari Aplikatutako Bioekonomia Sarearen parte dira. Plataforma hori Ekonomia Zirkularrarekin konprometituta dago. Ikaslan Bizkaiako bulego teknikoa ere gehitu egin zaio baliabide naturalen erabilera eraginkorraren aldeko apustuari.
Helburuak lortzeko aliantzak sortzea (17. helburua). Ikaslan Bizkaia sarearen DNAn dago bere inguruarekiko sinergiak sortzea. Interakzio hori hitzarmen, elkarlan eta proiektuetan zenbait erakunde publikorekin elkarlanean sustatzen ditu.