Eskurtze BHIk “Bilbo Iparra-Hegoa, Eskola Solidarioak” IX. Sariarekin ospatu du bere 40. urteurrena. Hain zuzen, irakaskuntzaren bidez solidaritatea eta kulturartekotasuna sustatzeko eta Giza Eskubideak defendatzeko duen konpromisoa aitortu zaio sari horrekin.
Askotan iritzi publikoak ahaztu egiten du hezkuntza-zentroek horixe egiten dutela: hezi. Espazio horietan, ezagutza eskuratzeak bat egiten du norberaren garapenarekin eta kontzeptu abstraktuen bidez adierazten ditugun jarrera eta sinesmenak garatzearekin, zeinek konsistentzia eta errealismoa behar duten ekintza bihurtzen ditugunean. Solidaritate eta errespetu hitzak errealitate bihurtzen dira bizitzak salbatzen dituzten taldeak ikusten ditugunean Mediterraneo itsasoan, edo, hain urruti joan gabe, herritarrak gai direnean etxean konfinamendua egiteko osasun-krisialdi kritiko bati aurre egite aldera. Horregatik, gizarte bidezkoago eta berdinzale baterako aurrerapausoak eman nahi baditugu, ezinbestekoa da haurrak eta gazteak ukiezin bezain erreal diren hitzei esanahia emanez heztea: solidaritatea, integrazioa eta berdintasuna. Balio horiek guztiak ondo baino hobeto ezagutzen ditu IES Eskurtze BHIk.
Sortu zenetik, institutuak konpromiso sendoa izan du auzoaren gizarte-garapenarekin; are gehiago, bertako bizilagunak izan ziren 70. hamarkada bukaeran gazteei etorkizun profesional eta pertsonal esperantzatsua eskaintzeko borrokatu zutenak. Horretarako, ezinbestekoa zen, prestakuntza akademikoa emateaz gain, ikasleak solidaritatean heztea. Nahitaezkoa zen ikasleek langile guztiek berdina irabaz zezaten beren soldatak sozializatzen zituen auzoaren espiritua berenganatzea.
Ordutik, ikastetxea estuki lotuta egon da bere ingurunearekin, eta, zehazki, integrazioaren eta Giza Eskubideen alde lan egiten duten erakunde eta organismoekin dihardu lanean. Berdinak Gara GKE antiarrazista, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bakerako Lankidetza Batzordea, Lumaltik Herriak, Iralako Auzokideen Elkartea, Intervención Comunitaria Cultural eta Gaztelekua elkarlanean dabiltza ikastetxeko irakasleekin solidaritate-, errespetu- eta integrazio-jarrerak sustatzeko ikasleen artean. Balio horiek zeharka lantzen dira, curriculumean aurreikusita baitaude: ekintza gehienak eskola-ordutegi barruan antolatzen dituzte, eta irakasgaietan eskuratutako ezagutzen osagarri dira. Horren adibide ona izan zen Marcos Rodríguez Pantojaren bisita. Egun hartan, gerraostean bizi izan zuen esperientziaren berri eman zuen: zazpi urte baino ez zituela, Sierra Morenan bizi izan zen, naturan aske, otsoekin, 12 urtez. Esperientzia erreal horrek askoz ere gertuago sentiarazi zizkien ikasleei eduki teorikoak.
Joan den otsailean Eskurtze BHIri emandako Bilbo Iparra-Hegoa Eskola Solidarioak sariak publiko egin du Iralak ondo ezagutzen duen errealitate bat: ikastetxea guztiz konprometituta dago gizarte bidezkoago eta solidarioago batekin, gai izango dena ezberdina dena errespetatzeko eta baloratzeko, eta aniztasuna integratzeko. Ez dugu ahaztu behar Irala dela atzerritar gehien dituen Bilboko auzoetako bat. Bertan, elkar ulertu behar duten identitate, kultura eta gizarte-errealitate ezberdinak daude, eta institutuak rol aktiboa du lan horretan; horrexegatik, bizilagunen arteko ezinbesteko kohesio-elementu bihurtu da.
Itziar Urtasun Kooperazioa, Elkarbizitza eta Jaiak saileko zinegotziak eman zion saria institutuko zuzendari Aitor García de Andoini. Sariaren bidez eskuratu duten 3.000 euroko zuzkidura ekonomikoa institutuko patioa lagunkoiagoa egitera bideratuko ditu zuzendariak; ez bakarrik ikasleentzat, baita ateak beti zabalik dituen ikastetxean momentuak eta esperientziak partekatu nahi dituzten bizilagunentzat ere.