Acorde Consulting enpresako J. Antonio Calvok xehe-xehe azaldu ditu erakundeetan gizarte-kudeaketa arduratsua integratu eta sistematizatzeko gakoak “Ikaslan Bizkaiaren gosariak” ekimenaren esparruan antolatutako enpresaren gizarte-erantzukizunari buruzko jardunaldian.
Gaur egun, jende gehienak ezagutzen du enpresaren eta/edo elkartearen gizarte-erantzukizuna (EGE). Urte asko joan dira kontzeptua sortu zenetik, eta mota eta tamaina guztietako enpresen jarduerak beren bezeroengan, langileengan, akziodunengan, tokiko komunitateetan, ingurumenean eta gizartean, oro har, dituen eraginen kudeaketaren isla da.
Erakundeok badakigu zerbitzuak eta/edo produktuak saltzeaz gain, gure inguruarekin batera bizi behar dugula, eta, horretarako, ezinbestekoa dela gure ekosistema osoari modu batera edo bestera eragiten dioten erabakiak hartzea. Erabaki horiek definitzen dute nor garen, eta gure erakundearen muina osatzen dute.
2015ean, Nazio Batuen erakundeak inor –ezta planeta bera ere– atzean utziko ez duen garapenerako kudeaketa-estrategia global bat definitzeari ekin zion. Garapen iraunkorrerako helburu (GIH) izeneko 17 helbururen bitartez, 2030erako pobreziarekin amaitu, planeta babestu eta pertsona guztientzako bakea eta oparotasuna bermatzeko jarraibide global batzuk eman ziren. Zalantzarik gabe, helburu horiek lagungarriak izan daitezke eta dira, baita tokian-tokian ere bai.
GIHak gure erakunde-antolakuntzan txertatzea gure ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-ekosistemaren hobekuntzan eragile aktibo izatearen aldeko apustua egitea da. Halaber, berritzeko eta merkatuan balio-ekarpen nabarmena emango diguten proposamen berriak egiteko aukera aztertzeko estrategia bat ere bada.
Lanbide Heziketako ikastetxeak ez daude errealitate horretatik at, eta ez bakarrik ikastetxeen helburu soziala hertsiki loturik dagoelako beren inguruaren garapen sozial eta ekonomikoarekin, ikasleen garapen pertsonal eta profesionalean parte hartu eta, modu horretan, enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzen duten heinean; horrez gain, gainerako jarduerak ere (beste erakunde eta eragile kolaboratzaile batzuekiko harremanak, baliabideen eta pertsonen kudeaketa,etab.) beren eskura dauden GIHak zehaztera bideratutako kudeaketa-sistema batean integratzeko aukera eduki eta baliatu egin nahi dute. José Antonio Calvok esan duen bezalaxe, sistema horretara iristeko, lehenik ekarpena egin nahi den helburuekin bat etorriko den antolakuntza-egitura bat definitu eta erakundean duen integrazio-maila neurtzeko eta aztertzeko prozesu bat garatu behar da.
EGE jardunaldia “Ikaslan Bizkaiaren gosariak” ekimenaren esparruan egin da. Ikastetxe guztiek komunean dituzten gai eta arazoak partekatzeko, jakinarazteko eta lantzeko espazioa da.