Gaur goizean ARTECHE, WARTSILA, ROTHENBERGER eta ITP enpresek beren ateak ireki dizkiete IES Mungiako DBHko ikasleei bertatik bertara ezagutu dezaten esparru zientifiko-teknologikoko jardun profesionala.
Bisitak joan den apirilean abiarazitako STEAM Lanbide Heziketa proiektuaren hirugarren fasearen barruan daude. Hilabete hauetan, helburua izan da DBHko ikasleei STEAM arloari buruzko ikuspegi erreal eta hurbila ematea, oraindik ere gure gizartean dauden mitoak eta rol faltsuak desmuntatzeko, bereziki generoari eta industriari lotutakoak. Ikasgela barruko mentoretzak, STEAM zikloak dituzten Lanbide Heziketako ikastetxeetarako bisitak eta, orain, industria-enpresetarako bisitak dira beren etorkizunerako erabakiak hartu behar dituzten gazteei egungo industria-sektorearen ikuspegi eguneratua transmititzeko erabili diren mekanismoak.
Industria-enpresek emakumeek beren sektorearekiko interes handiagoa erakustea eskatzen dute
Guztira, Mungia BHIko 100 neska-mutilek egin dute murgiltzea STEAM arloan sektoreko profesionalek beren lana zein den bertatik bertara kontatuta. Bisitetan, ikasleek aukera izan dute produkzio-prozesuaren automatizazioa eta digitalizazioa ezaugarri nagusitzat dituen inguruneko jardun profesionalari buruzko zalantzak argitzeko. Ingurune horretan, gainera, emakumeen presentzia oso txikia da. Alabaina, Wartsila enpresako giza baliabideen arduradunak esan duenez, horrek ez dauka zerikusirik enpresaren nahiarekin. Are gehiago, Leticia Martínezek azpimarratu du erakundearen helburua dela emakumeen presentzia arlo guztietan handitzea. Dena den, eremu zientifiko-teknologikoko prestakuntza duten emakume gutxi dago, eta horregatik, benetan erronka zaila da. “Ez dago emakumezko soldatzailerik, mekanizatzailerik… iristen zaizkigun curriculumen % 90 gizonenak dira”, argitu du Leticiak.
Ikusten dugunez, STEAM arloan, zaintzen arloan bezalaxe, genero-polarizazio handia dago. Gaur egun, emakumeek industria-sektoreko langileen % 12 hartzen dute. Argi dago, beraz, bokazio zientifiko-teknologikoa duten emakumeak falta direla.
STEAM Lanbide Heziketa proiektua 2020an jaio zen, sektoreko, ikastetxeetako eta produkzio-ehuneko profesionalen parte-hartzea izan duen murgilketa-prozesu baten bidez egoera horri buelta emateko.
Datorren astean, Uribe Kosta BHIko ikasleek ere amaiera emango diote STEAM Lanbide Heziketa proiektuari, enpresa hauetarako bisitekin: DIBAL, IZAR CUTTING TOOLS, DECOLETAJE Y FIJACION eta INGETEAM.
Ikaslan Bizkaiak eskerrak ematen dizkio Federación Vizcaína de Empresas del Metal (FVEM), hari esker izan baita posible ikasleak eta sektoreko enpresak batzea. Halaber, oso prestutasun ona erakutsi dute gazteenei industria-eremua gerturatzeko ateak ireki dizkieten lau enpresetako giza taldeek.