Alain Urrestarazuk, Unai Gangoitik, Iker Mugikak, Mikel Martínek, Markel Cuestak, Iraia Loresek, Thamara Desiree Vargasek, Adriá Olivesek eta Manuel Escuderok domina bana lortu dute LHko ikasleen trebeziak ebaluatzen dituen lehiaketaren 7 modalitatetan.
Euskoskills-logoUrriaren 19tik 22ra Ficoban egin zen EuskoSkills 2021 lehiaketa. Topaketa horretan, Lanbide Heziketako ikasleek beren ezagutzak eta gaitasunak erakutsi behar dituzte. Batez ere proba praktikoak (Test Project delakoak) egiten dira, eta bertan, lan-munduan aritzeko duten gaitasuna demostratzeko eskatzen zaie ikasleei.
Parte hartzeko, lehiaketako 18 modalitateetako (skills) bat hautatu behar da, eta horietatik 13 esparru teknologiko-industrialekoak dira. Modalitate bakoitzeko irabazleek euskal LH ordezkatuko dute estatuko SpainSkills lehiaketan, eta berriro ere lehen postua eskuratzen badute, mundu mailako WorldSkills lehiaketan parte hartu ahal izango dute.
Aurten honako ordezkari hauek izango dituzte Bizkaiko ikastetxeek SpainSkills 2021 lehiaketan: Iker Múgica – CIFP Iurreta –, Mikel Martín – CIFP Txurdinaga – eta Thamara Desiree Vargas – CIFP Fadura –, Automobilaren Teknologia, Web Garapena eta Arreta Soziosanitarioa modalitateetan.
EuskoSkills 2021 lehiaketan Euskadiko LHko 41 ikastetxetako 146 ikaslek hartu dute parte, eta 38 enpresa aritu dira ekitaldiaren antolakuntzan (finantzaketa eta materiala eman dute probak egiteko) eta/edo lehiaketan bertan laguntzen (epaimahaikide gisa). Zentzu horretan, “LHko olinpiar jokoak” aukera bikaina dira lehiaketara talentu bila doazen erakundeek ikasleak ezagutu ditzaten.