Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako ezagutzak eta gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko aukera ematen die titulazio akademiko ofizialik ez dutenei.

Aitortutako gaitasunak Profesionaltasun Ziurtagirietan daude zehaztuta.

Esperientziaren bidez edo LHren Katalogo Modularrari lotutako prestakuntzaren bidez, posible da Profesionaltasun Ziurtagiri bat edo batzuk eskuratzea, baita Lanbide Heziketako titulu bat ere (betiere, LHko ziklo batera sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira).

  • Espainiar nazionalitatea, Europar Batasuneko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria edo bizileku-baimena (edo Espainian bizitzeko eta lan egiteko baimena, indarrean) izatea, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian xedatutakoari jarraikiz.
  • 1. mailako gaitasunak egiaztatzeko: 18 urte beteta izatea izena emateko eskaera aurkezteko unean.
  • 2. eta 3. mailako gaitasunak egiaztatzeko: 20 urte beteta izatea izena emateko eskaera aurkezteko unean.
  • Egiaztatu nahi diren gaitasunekin lotutako lan-esperientzia eta/edo prestakuntza ez-formala justifikatzea:
    • Lan-esperientza; 1. maila: bi urteko lan-esperientzia (gutxienez 1.200 ordu). 2. eta 3. mailak: hiru urteko lan-esperientzia (gutxienez 2.000 ordu).
    • Prestakuntza ez-formala; 1. maila: gutxienez 200 ordu. 2. eta 3. mailak: gutxienez 300 ordu.

Izen-ematea

Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI) arduratuko da gaitasun profesionalak aitortzeko eskaerak ebaluatzeaz. Esteka honetan aitorpen hori 23 lan-arloetako zein lanpostutarako eskuratu daitezkeen ikusi ahal izango duzu. IV. eraskina edo ziurtagiria eskatzeko izen-ematea egiteko agiria ere esteka horretan dago eskuragarri. Izen-ematea bidali eta gero, eskatutako gaitasunen balorazio-prozesuaren lehen fasera igaroko zara. Prozesuari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, sartu EEIren webgunean.

Aholkularitza

Aholkulariek lagunduko dizute lan-esperientziaren eta/edo prestakuntza ez-formalaren bitartez eskuratutako gaitasun profesionalak identifikatzen eta Ebaluazio Batzordeari aurkezten. Zehazki, honako hauetan guztietan lagunduko dizute:

  • Prozeduraren faseak eta bilakaera ezagutzen.
  • Autoebaluazio-galdetegia egiten.
  • Izena eman duzun Profesionaltasun Ziurtagiriarekin lotura duten gaitasunen ebidentzia guztiak biltzen.
  • Historia profesionala osatzen.
  • Gaitasunen dossierra prestatzen.

Aholkularitza eman eta jasotzeko banakako bilerak egiten dira.
Bertan, behar beste justifikatu ez diren gaitasun profesionalak egiaztatzeko eskatuko dizute. Adibidez, zure lanpostuan antzeko egoera bati erantzuteko egingo zenukeenaren demostrazio praktiko bat egiteko eska diezazukete.
Aholkulariaren balorazioa oinarritzat hartuta, orientazio-txosten bat egingo da 2. fasera igarotzearen komenigarritasunari buruz.

Ebaluazioa

Zure gaitasun profesionalak konprobatuko ditu batzordeak, gaitasunen dossierra eta aholkularitzaren txostena aintzat hartuta. Gaitasunen dossierra eta aholkularitzaren txostena aztertu eta gero, Ebaluazio Batzordeak balorazio-irizpena igorriko dizu. Bertan egongo dira jasota egiaztatu diren eta egiaztatu ez diren gaitasunak.

Egiaztatu ez diren gaitasun-unitateak Banakako Ebaluazio Planean jasoko dira. Bertan adieraziko dira, halaber, gaitasunak egiaztatzeko probak egiteko egun eta tokiak. Gaitasunak egiaztatzeko probak egin eta gero, Ebaluazio Batzordeak II. Prestakuntza Plana egingo du egiaztatu ez diren gaitasun-unitateentzat.

Akreditazioa eta erregistroa

Ebaluazioa gainditzen bada, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak egiaztatu duzun gaitasun-unitate bakoitzeko ziurtagiri bat emango dizu. Ziurtagiri horiek Lanbide Heziketako edozein ikastetxetan jaso daitezke.

Prozedura amaitzea

Prozedura amaitzen denean, Profesionaltasun Ziurtagiri bat edo batzuk eskuratzeko prestakuntza osagarria eskuratzeko argibideak dituen prestakuntza-plan bat jasoko duzu.

Lan-esperientzia egiaztatzeko

Soldatapeko langileak

  • Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren edo afiliatuta dagoen mutualitatearen ziurtagiria (jatorrizkoa edo kopia konpultsatua). Bertan, datu hauek jaso behar dira: enpresa, kategoria profesionala (kotizazio-taldea) eta kontratazio-aldia.
  • Lan-esperientzia eman dion enpresak egindako lan-kontratua edo ziurtagiria. Bertan, datu hauek jaso behar dira: kontratuen prestazio-aldien iraupen espezifikoa, egindako jarduera eta jarduera hori egiten igaro duen aldia.

Autonomoak

  • Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren egiaztagiria: Gizarte Segurantzan dagokion araubide berezian alta emanda egon den aldiak.
  • Egindako jardueraren deskribapena.
  • Jarduera horretan aritu den denbora.

Langabeak

  • Enplegu-eskatzaile txartelaren kopia zigilatua.

Boluntarioak eta bekadunak

  • Lan egin duen erakundearen egiaztagiria.

Prestakuntza egiaztatzeko

  • Egiaztatu nahi diren gaitasun profesionalekin zerikusia duen prestakuntzaren edukien eta orduen ziurtagiria.
  • Ezagutza profesionalak osatzeko eta justifikatzeko egokitzat jotzen den beste edozein agiri.
Ez baldin badaukazu zure esperientzia edo prestakuntza justifikatzeko agiririk eta 25 urte baino gehiago badauzkazu, behin-behinean eman dezakezu izena deialdian.

Zure egoera baloratu eta gero esango dizute prozeduran parte har dezakezun ala ez.