PRALINE – Promoting Adult Learning in Networks proiektuaren 5. Peer Learning Activity edo berdinen arteko ikaskuntza-jarduera joan den ostiralean bukatu zen Tallinen, Estonian. Ikaslan Bizkaiak parte hartu zuen bi eguneko bilera honetan, Estoniako hezkuntza- eta LH-sistemetan zein irakasleen eta ikasleen digitalizazio premietan arreta jarri zuena.
Urriaren 6an, PRALINE-ren bosgarren PLA-ko lehen egunean, 10 herrialde parte-hartzaileetako ordezkariak TEKO – Tallina Teeninduskool edo Tallingo Zerbitzu Eskolan elkartu ziren, jardunbide egokien trukeari hasiera emateko. Lehenengo eta behin, gerturatu zirenek Estoniako hezkuntza-sistemaren eta, espezifikoki, nagusiak prestatzeko sistemaren azalpena jaso zuten, estoniar hezkuntzari eta LHri lotutako hainbat ordezkarien eskutik, hala nola Tallingo Ekonomia Eskolako zuzendari den Triini Laasi-Õige, Eduenable OÜko Helen Arus, edo Estoniako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioan Nagusien Hezkuntza-politiken buru den Merlin Tatrik. Hauek guztiek Estoniako heziketaren berezitasunak azpimarratu zituzen, PISA 2018 txostenean Irakurketan eta Zientzian 5. izan dena, eta Tatrikek bizitza osoko ikaskuntza zein nagusien prestakuntza zabaltzen ari direla adierazi zuen. Hala ere, baieztapen hau aurretik goi-mailako ikasketak zituztenen artean bakarrik da egia, eta gehien behar duten pertsonengana heltzea erronka handia da.
Geroago, Karin Künpassek, kood/Jõhvi ikastetxeko zuzendariak, ekintzaileen talde batek sortutako ekimen pribatu hau aurkeztu zuen, irakaslerik ez duena eta ikasleak prestatzeko beste modu bat jarraitzen duena, hauei metodologia guztiz praktikoa eta ordenagailuak erabiltzeko aukera emanez, guztiz doan. Bestetik, Yngve Rosenbladek, Estoniar Kualifikazioen Erakundeko Analista burua, bilera honen gai giltzarria azpimarratu zuen: digitalizazioa eta honen inguruko trebetasunak COVID osteko ekonomian. Lehen eguneko ekintzak bukatzeko, Erresuma Batuko Unibertsitateen Elkarteko Margerite Hoggek erakunde parte-hartzaileek beren herrialdeko LHko sistemei buruz egin zituzten inkesten emaitzak eta ondorioak aurkeztu zituen.
Hezkuntzaren eraldaketa digitala, Estoniaren lehentasuna
Hezkuntza-sisteman dagoen digitalizazio-premiaren azterketa ostiralean jarraitu zuen Harnon, Estoniako Hezkuntza eta Gazteria Kontseiluan. Heli Aru-Chabilan, Nazioartekotze Saileko burua, hezkuntza- eta gazteria-politiken inplementazioaz arduratzen den gobernu-erakunde honi buruz mintzatu zen. Ondoren, Kerli Požoginak, Digital Accelerator-eko zuzendariak, herrialde osoan zehar digitalizazioa beharrezkoa egitearen beharra azpimarratu zuen, ikasle gazteak, ikasle nagusiak eta irakasleak barne hartuz. Baina trebetasun hauek ez dira bereizi behar, zeharkakoak izatea da asmoa. Ekimen hau eskola eta erakunde atzeratuenak digitalizatzeko jaio zen, baina gaur borondatez egiten den programa da, trebetasun digitalak garatzen jarraitu nahi duten irakasle eta ikastetxeentzat.
Azkenaurreko jardunbide egokia Estoniako Langabeziaren Aseguruaren Kutxako lan-merkatuko prestakuntzako zerbitzuburuak, Jevgenia Smirnovak, aurkeztu zuen. Erakunde publiko honek langabezia-arriskuan dauden pertsonentzat laneratze-planak diseinatzen ditu. Plan hauek arreta berezia jasotzen dute, pertsona nagusiak lan jakin batzuetarako prestatzeko zein mundu modernoaren lanerako trebetasun digitalak garatzeko modua baitira. Ekimen honi esker, langileek lan egiteko eta kualifikazioak lortzeko aukera daukate, 292 €ra heldu daitekeen dirulaguntza bat jasotzen duten bitartean.
Bukatzeko, e-Estonia Informazio Zentroan Eraldaketa Digitaleko aholkulari den Carmen Raalek herrialdeko eraldaketa digitalaren prozesua deskribatu zuen, 1960an hasi zena Zibernetikako Institutuaren sorrerarekin. 1996an, Tiger Leap proiektuak teknologian eta azpiegituran inbertsio handia ekarri zuen, hezkuntza ardatz izanik. Gaur, Estoniako sektore publikoaren izapide gehienak online bidez egin daitezke, enpresak sortzea ere barne hartuta, eta herritarren % 98ak errenta-aitorpena era digitalean egiten dute. Signe Ambrek, Hezkuntza eta Gazteria Kontseiluko zuzendariak, bukaera eman zion bilerari hezkuntzan trebetasun digitalen eta IKTetako profilen premia azpimarratuz, batez ere LHko sisteman, zeinetan ikasleen % 9,8ak eremu honetan garatzen ari diren.
PRALINE proiektuak Europar Batasunaren Erasmus+ programaren diru-laguntzak jasotzen ditu, eta 10 herrialde europarren lankidetza batzen du, Herberehetako MBO Raad zentroa proiektuaren koordinatzaile izanik. Azken bilera honekin, Ikaslan Bizkaiak eta gainontzeko erakunde parte-hartzaileek elkarteko kide baten digitalizazio-prozesuari buruz ikasteko aukera izan dute, eta mundu modernoak eskatzen dituen trebetasun digitalei lotutako jardunbide egokiak partekatu dituzte.