#Me#Us#Now proiektuaren lehen azterlanak LHko ekosistemako ikasleek eta irakasleek klima-aldaketari buruz dituzten kezkak adierazi ditu, bai beren hurbileko inguruan zein mundu osoan duen eraginagatik dituztenak.
Lau hilabeteko lanaren ondoren, #Me#Us#Now elkarteak kualifikazio baxuko pertsonek klima-aldaketari buruz duten ikuspegiei buruzko Nazioz Gaindiko Ikerketa-txostena argitaratu du. Proiektuaren lehen mugarri izan den lan hau lau herrialde partehartzaileetako (Austria, Espainia, Italia eta Irlanda) erakundeek zuzendu duten ikerketa dokumentalaren eta landa-azterketaren emaitza izan da.
Dokumentazio-faseak herrialde bakoitzak klima-aldaketaren inguruan duen egoera aztertu du, arazo honi aurre egiteko inplementatzen ari diren politikak eta estrategiak azpimarratuz eta gazteak ingurumen-erronka honetan kontzientziatzeko eta inplikatzeko prestakuntza-ekintzak nabarmenduz. Horrez gain, azterketa-kasuak ere aipatu dira, herrialde bakoitzeko gazteek ingurumenaren alde egindako ekintza bati erreferentzia eginez.
Landa-azterketaren helburua gazteek klima-aldaketaren inguruan zer kontzientzia duten, arazo honi aurre egitera zein interes mugitzen dien, bidean aurkitzen dituzten erronkak eta ikasi dituzten jakintzak eta estrategiak ezagutzea izan da. Gai hauetako bakoitza LHn ikasketak hasi diren ikasleei eta beren irakasleei zuzendutako inkestekin aztertu da. Guztira, 296 ikaslek eta 94 irakaslek hartu dute parte analisi honetan.