Lanekik, Ikaslan Araba, Ikaslan Gipuzkoa, Ikaslan Bizkaia eta Hetelen arteko elkarteak, Hizkelan jardunaldiaren zazpigarren edizioa antolatu zuen atzo era presentzialean, Gasteizko Mendizabala LHIIn, eta LHko ikastetxeetan eta enpresetan euskara sustatzearen aldeko jardunbide egokien trukean jarri zuen arreta.
“Euskara, batzen gaituena!” lemapean, Lanekik Euskadiko LHko erakundeetako eta enpresetako ehun bat ordezkari elkartu zituen hezkuntza- eta lan-eremuetan euskararen normalkuntzari buruz mintzatzeko. Lexuri Ugarte Aretxagak, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak, eman zion hasiera jardunaldi honi, Ethazi metodologian, LH Dualaren ereduan eta ekintzailetzan euskarari ematen ari zaion bultzada aztertu zuena.
Mendizabala LHIIko zuzendari den Javier Otxoa de Alaizaren mintzaldiaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, Nicolás Sagarzazu Alzuak, euskarazko LHko zikloetan izan den ikaslegoaren hazkundea azpimarratu zuen. Konkretuki, 2018-2019 ikasturtearekin alderatuz, B eta D ereduetan matrikulatu diren ikasleen kopurua 5.000 pertsonetan hazi dela adierazi zuen Sagarzazuk. Hori kontuan hartuta, ikasleen % 50 baino gehiago euskarazko Lanbide Heziketako zikloetan matrikulatuta daude ikastetxe guztiak kontuan hartuta, eta % 60 baino gehiago ikastetxe publikoen kasuan. Datu honek joera aldaketa nabaria erakusten du duela 8 urteko datuekin alderatuta; izan ere, datu horien arabera, ikasleen % 25ak baino ez zuen LHko ziklorik euskaraz ikasten.