Urtarrilaren 30ean eta 31n, PRALINE proiektuko kideak Arroxelan (Frantzia) bildu ziren seigarren Peer Learning Activity ekintzarako, UNMFREO – Union Nationale des Maisons Familiales Rural d ‘Education et d’ Orientation (Hezkuntza eta Orientazioko Familia-landetxeen Elkarte Nazionala) erakunde frantsesak antolatu zuena, LHko ikastetxeen elkarte eta ekimen europarreko kide bezala. Nazio Batuek ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuak eta horiek LHko sisteman duten eragina izan ziren PLA honen ardatz.
Herbehereetako LHko ikastetxeen MBO Raad elkartean Nazioarteko Gaietarako aholkulari nagusi den Manfred Polzinek eman zion hasiera bilerari, eta bitarteko txostenaren ebaluazioa zuzendu eta ekimenak lortu behar dituen helburuak aurkeztu zituen, proiektuko erakunde koordinatzaile bezala. Jarraian, Phillipe Ristordek, UNMFREOko (Familia-landetxe izenez ezagutzen diren LHko ikastetxeen elkartea) eta Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko kideak, LHko sistema frantsesa aurkeztu zuen. Ristordek MFR sarearen funtzionamendua azaldu zuen, Frantzia osoan 430 ikastetxe dituen hezkuntza-eredua, zeinetan ikasleek egoitzetan ikasten duten pertsonen arteko harremanak garatzen dituzten bitartean. Sandrine Guibertek, Akitania Berriko hezitzaileen prestakuntzaren arduradunak, MFR etxeetako begirale-taldea ikasleak gidatzeko nola prestatzen den sakondu zuen.
Deskarbonizazioa, hezkuntza-erronka
Arroxelan bildu ziren erakundeen arteko jardunbide egokien trukea Territoire Zéro Carbone kooperatibaren aurkezpenarekin jarraitu zuen. Kooperatibaren helburua eskualdeko ekintzek ingurumenean duten eragina aztertzea da, baita edozein herritarrek, tokiko agintarik, enpresek edo ikastetxeek emisioak murrizteko garatutako proiektuak babestea ere. Joffrey Perrusselek, erakundearen estrategia-arduradunak, eta Arroxelako Unibertsitateko Julien Clachaguek, 2023tik aurrera klima-aldaketari lotutako prestakuntza-jarduerak garatzeko proiektua azaldu zuten, 2028rako heziketa hori ikasle guztiei orokortzeko helburuarekin.
PLAren bigarren jardunaldia elkarlaneko saio batekin hasi zen, irakasleek etorkizunean beharko dituzten gaitasunei buruz eztabaidatzeko, aurreko eguneko hizlariek emandako datuak aztertuz. Ondoren, kide guztiek Frantziako Hezkuntza Lege berria ezagutzeko aukera izan zuten, 2018an onartu zena eta LHko sistemari aldaketa esanguratsuak ekarri zituena. Batez ere, UNMFREO bezalako sareek gobernuaren dirulaguntzak jaso ditzakete orain ziurtapen-prozesu bat egiten badute, Qualiopi izenekoa. Azkenik, Discoviako, aniztasun funtzionala duten pertsonen integrazioan espezializatutako enpresako, ordezkariek beren ereduaren arrakasta eta kolektibo horretako pertsonen kualifikazioak ekartzen dituen abantailak azaldu zituzten.
PRALINE proiektuko kide guztiek datorren PLA jardueren datak adostu zituzten, maiatzean Finlandian, urrian Kroazian eta azarotik abendura bitartean Herbehereetan egingo direnak. Helduen prestakuntzan jardunbide egokien truke honen helburua Europako LHko erakundeen sarea indartzea da, eta 2024ko urtarrilera arte jarraituko du.