IKASLAN BIZKAIAk bat egin du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak emakume gazteenen artean STEAM bokazioak sustatzeko proposatu duen Talentu femeninoaren aldeko STEAM aliantza sinatu duten 50 erakunde baino gehiagorekin.
Zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea (betiere arteekin eta giza zientziekin harremanetan) ezinbesteko baldintza bihurtu da arlo horretan talentu femeninoa sustatzeko; izan ere, emakume gutxi dago esparru horretan, oro har, EAEn, Estatuan eta nazioartean.
Zientzia eta teknologiarekiko bokazio gabeziaren atzean dauden arrazoietako batzuk erreferente falta, estereotipoak eta ez-jakitea daude. Ildo horretan, aliantza honetara atxiki garen erakundeon konpromisoa da STEAM diziplinetan dagoen genero-arrakala murriztera bideratutako sinergiak sortzen laguntzea.
Lankide gisa, Ikaslan Bizkaiak urteko lan-plana egiten lagunduko du, eta bertan xedeak, gauzatu beharreko jarduketak, horretara bideratutako baliabideak, egutegia eta jarduketa horiei jarraipena egiteko programa zehaztuko dira. Besteak beste, lehen urtean STEAM bokazioetan zentratutako orientazio profesionalerako programa egingo da, genero-ikuspegitik betiere, eta, horrez gain, kalitate-zigilu bat sortuko da heziketa- eta prestakuntza-zentroentzat.
Talentu femeninoaren aldeko STEAM aliantzara atxikitzea Ikaslan Bizkaiak Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailaren laguntzarekin sustatutako STEAM LH proiektua martxan jarriko den une berean iritsi da. Ekimen horren bidez, gure lurraldean DBH egiten ari diren 85 neska STEAM arloan murgilduko dira zazpi astez.